
HITANOAZ
Hitanoa bertsolaritzan: behera... baina nola?
Bertsolaritza elkarrizketa izaten da maiz, eta halakoetan jarduteko tratamendu bi ditu euskarak gaur egun: zutanoa eta hitanoa. Bakoitzari ezaugarri jakin batzuk esleitzen dizkiogu, marko teorikoan sakonago aztertuko ditugunak, baina oro har hitanoa testuinguru informalagoekin lotzen dugu. Azken horren erabilera etengabe jaisten joan da, herri batetik bestera aldea badago ere. Gune euskaldunei begiratzen badiegu, horietako batzuetan indartsu antzean mantentzen den arren, beste askotan desagertzear edo erabat galduta dago dagoeneko. Eta horrek ere izan du isla bertsolaritzan, Agirrezabal et al.-en (2014) ikerketan argi ikus daitekeen bezala. Bertsolaritzan edo, zehazki, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian.
Bertsolaritzari lotutako ikerkuntzan ia oharkabean pasa den gaia da hitanoarena, eta lan honek hori du abiapuntu eta xede, bertsotan aritzeko bezainbeste joko ematen baitu ikerkuntzaren alorrean hitanoak. Ezinbestean Agirrezabal et al.-ek (2014) lortutako datuak hartu ditu oinarritzat lan honek, Bertsolari Txapelketa Nagusian (1986-2013) ateratakoak, baina kuantitatibotik kualitatiborako jauzia ematea bilatu du, alegia, nola ematen den hitanoaren erabilera, nork, nori, zein testuingurutan, eta zergatik. Alderdi kualitatiboa osatzeko, bertsolaritzan hitanoaren erabileraren gainean zeresana izan dezaketen zenbait bertsolari eta bertsozalerengana jo dugu.
​
Mintzolaren 2017ko ikerketa-beka irabazi zuen proiektu honek, eta behin-behineko emaitzen berri EHUko Uda Ikastaroan eman zen.
​
​
​
